| Castellano | Euskera |
![]() |
|
|
| HASIERAK LKB joan den mendeko 80ko hamarkadaren azken urteetan sortu zen. Garai horretan hainbat taldek bat egin zuten, honakoek, besteak beste: Lizarrako talde ekologistako partaideak, CNTren eta Lizarrako Ateneo libertarioren kideak, ESK-CUIS sindikatu arloko jendea, talde feministen kolaboratzaileak, mugimendu antimilitaristen kide aktiboak, ezker sozialistako kideak, eta LKI edo MKren ondorengoak. LKB jaio zen garai hartan beharrezkoa zelako ezkerreko espazio politiko bat betetzea, baskista eta alternatiboa, ohiko alderdiek betetzen ez zutena. Tuteran Batzarrek izandako arrakastak babestuta, eta Lerin, Allo, Arroniz eta beste herri batzuetan herri taldeek izandako esperientzia positiboak kontuan izanda, hasiera batean lehengo CUP berpizteko asmoz sortu zen. Horretarako, tradizio alternatiboko pertsona independenteekin (Ateneo, ekologistak, feministak eta abar) harremanetan jartzeaz gain garai hartan gutxiengoan zeuden talde politiko batzuekin ere jarri zen harremanetan, hala nola EE, Alderdi Karlista eta HB. Alderdi Karlista lehenengo bi bileretara bertaratu ondoren, proiektutik aldendu zen. EEk gutun bidez jakinarazi zigun ez zituztela beren siglak alde batera utziko, eta HBk ere proposamenari ezezkoa eman zion. Hortaz, independenteak eta Batzarreko bi kideak bakarrik geratu ginen. Azken horiek izan ziren lan handiena egin zutenak, eta beren siglei uko egiteaz gain beharrezkoa genuen laguntza guztia eskaini ziguten gure ibilbideari hasiera emateko. Lehenengo hauteskundeetan izandako arrakastaren ondorioz eta ingurumen saileko zinegotzi kargua hartu eta gero, Estellerriko adituekin hasi ginen harremanetan. Mankomunitateak bultzatzeko beharra azpimarratu ziguten aditu horiek eta, hori zela eta, garai hartan Alloko zinegotzia zenari babesa eskaintzea erabaki genuen, Eusebio Gainzari, hain zuzen ere. PSOErekin akordio bat erdietsi genuen, eta Eusebio Gainza Mankomunitatearen presidenteordea izatera pasa zen. Gertaera hori, denborak nolabait lausotua, LKBren lorpen handienetako bat izan zen; izan ere, lau urte horietan zaborren gaikako bilketa bultzatzeaz gain Karkarreko birziklatze plantaren ernamuina eratu zen. Argi zegoen eskumena Udala bera izango zela eta alderdi politikoekiko talde autonomoa sortu nahi zela. Testuingurua berezia zen oso; Estella-Lizarran eskuineko udal gobernuak ematen ziren bata bestearen atzetik, eta hiria hirigintza, kultur eta gizarte alorretan atzerapen egoeran uzten zuten. PSOE ez zen gauza aukera baliagarria izateko eta HB, berriz, ETAren indarkeria babestearen ondoriozko arazoez inguratuta zegoenez ez zen gauza PSOErekin elkartzeko eskuinari gobernua kentzeko. Argi eta garbi ezkerrekoa zen taldea sortzeko beharra ikusten zen, indarkeriaren kontrakoa, baskista baina ez nahitaez nazionalista, eta PSOErekin itunak sinatzeko prest egongo zena alkatetza lortu eta udal programa progresista garatzeko. |
![]() |
|
LEHENENGO LEGEGINTZALDIA. ALKATETZA ITUNA J.L. CASTEJÓNen PSOErekin Lehenengo hauteskundeetan LKBk bi zinegotzi lortu zituen, Javier Barbarin eta Patxi Azpilicueta. Akordio bat sinatzea lortu zen PSOEri (sei zinegotzi zituena) alkatetza emateko. EAren babesa ere izan zen. UPN oposiziora pasa zen. LKBk Gazteria, Ingurumena eta Nazioarteko Elkartasuneko zinegotzigoetan lehendakaritza izan zuen. Udaletxean izugarrizko aldaketa eman zen. Udalbatzak parte-hartzaileak izaten ziren. Batzorde informatiboak irekita zeuden herritar eta kolektibo guztientzat. Gazte plana eratu zen eta Gaztetxea eraikitzeko lanak hasi ziren. Los Llanos eremua Babesteko Plan Berezia prestatzen hasi zen, San Benito Monasterioa salbatuz eta Parkean kiroldegia eraiki zedin eragotziz. PSOErekiko bizikidetza zaila izan zen, baina emankorra oso. Legegintzaldiaren amaiera korapilatu egin zen PSOEk eta Castejón alkateak kiroldegia eta Agua Salada eremuko baratzeen gainean etxebizitza eremu bat eraikitzeko erabakia hartu zutelako. Etorkizunak erakutsi zuen kiroldegia, LKBk ere bultzatu zuena, Lizarrako gizartea asko dinamizatu zuen azpiegitura bat izan zela, baina, hala eta guztiz ere, bere kokapena zela medio inguruan etxebizitza masifikatuak eraiki ziren eta horrek lurzoruaren espekulazioa eragin zuen. Eraikitzaileak politiko ilun xamar batzuekin harremanetan jarri ziren. BIGARREN LEGEGINTZALDIA. ALKATETZA ITUNA J.L. CASTEJÓNen PSOErekin LKBren bigarren legegintzaldiak berriro ere bi zinegotzi eskuratu zituen. Estella-Lizarran EB sortu zen, baina batasunaren onerako CUE-LKBren zerrendetan integratzea onartu zuen. Zinegotziak berriro ere Patxi Azpilicueta eta Javier Barbarín izan ziren, baina ideia karguetan txandakatzea zen, eta hurrenez hurren Toño Ros eta Carmen Delatorre sartu ziren. PSOEko José Luis Castejón alkate izan zedin aukera eman zen. Baina B Sektorearen gaian izandako frustrazioaren ondoren eta Agua Salada eremuko baratzeak suntsitu eta gero, ez bakarrik alkatetzarako akordioa baizik eta gobernurako akordioa ere lortu zen. Idatziz, lau urteetarako akordioa sinatu zen. CUE-LKBk Ingurumena, Elkartasuna eta Hirigintza departamentuetako zinegotzi karguak izan zituen. Los Llanos eremuko hedapen berri bat lortu zen, 5 mila metro koadrotik gorakoa. Eremu hori aparkaleku gisa erabiltzen zen eta garai hartan berdegune bihurtu zen herritarrek inguruaz gozatzeko aukera izan zezaten. Eskuinaren eta merkatarien elkartearen erreakzioa haserrea erakustea izan zen, bidegabekoa eta neurriz kanpokoa erabat. San Benito Monasterioko jabetza lortu zen eta eraikina salbatu zen, Príncipe de Viana Fundazioak suntsitzea aurreikusita baitzeukan. Monasterioan bertan kultur gunea, zinemak, antzokia eta auditorioa jarri eta kongresuak egiteko birgaitu zen. Nafarroako Gobernuak, UPNkoak, eskura izan zituen zailtasun guztiak jarri zituen. Are gehiago, José Luis Castejón alkatea bera ere epaitegietara eramateko mehatxua egin zuen lanak Iruñeak baimenik eman gabe hasten bazituen. Alkatearen ausardia eta ziurtasuna eredugarriak izan ziren, eta lanak inolako arazorik gabe bukatzea lortu zen. Zinemetan proiekzioak egiteko kudeaketa Golem enpresari adjudikatu zitzaion. Obra horrek asko dinamizatu zuen Lizarrako gizartearen kultur arloa. Legegintzaldi horretako beste arrakasta bat lehengo kuartel militarra aparkaleku gisa erabiltzea izan zen, hiriaren erdian, erdialdean doako aparkaleku gehien sortzea lortu duen legegintzaldia hau izan baitzen. Lehengo barrakoi militarrak suntsitu eta jendeak gozatzeko moduko espazioak eraiki ziren. Izan ere, gazte batzuek kuarteleko eraikin noblean okupazio gaztetxe bat instalatu zuten, eta funtzionamendu eredugarria izan zuten. Kudeaketa asko egin behar izan ziren ejertzitoak bertatik bota zitzan saihesteko. Ondarearen aldeko interes handiak Erdi Aroko harresiaren ehunka metro berreskuratzea eta finkatzea eragin zuen. Legegintzaldian zehar PEPRI Plana berraztertu zen, auzo historikoen planeamendu protekzionista utzita, eta jarduera garrantzitsuak gauzatu ziren, Ega ibaiaren ondoko pasealekua, Azucarero izeneko zubia berreskuratzea edo tuneleko zubi erasokorra desmuntatzeko proposamena, besteak beste. Udal gaztetxea lehengo jai oratorioan eraikitzeko erabakiak aukera eman zuen Egiatarren jauregia liburutegi gisa erabiltzeko. Liburutegia hirigune historikoko kale batean instalatzeak San Miguel auzoko alderdi bat nabarmen berpiztea ahalbidetu zuen. Etengabeko borrokan aritu ginen destilategiari gogor eskatuz kutsadura onartezinari amaiera eman ziezaion. Era berean, Renolit enpresarekin negoziatu, eta presionatu egin zen, industrialde batera alda zedin. Oinezkoentzako guneetan ere aurrerapen ikusgarria eman zen, ibilgailuak aukeratzeko sistema adimenduna erabiliz. Santiago plazan sareak berritzeko prozesua bukatu zen, eta bertako zoladura ere hobetu egin zen iragan historikoa eta plaza horren ezaugarri nagusienetako bat ziren ezki handiek suposatzen zuten natur ondarea errespetatuta. Konparazioa egin daiteke Foru plazaren berrikuntzaren artean, diseinuzko akatsez josia eta aurrekontua gauzatzerakoan ekonomikoki alde handia ekarri zuena, eta Santiago plazan egindako lanen artean, diseinuan herritarren parte-hartzea handia izan zelako eta nabarmen baxuagoa zen aurrekontuaren arabera egin zelako. Arrakasta handienetako bat, legegintzaldi horretan ondarearekiko interes handia izan zela agerian utzi zuena, Gobernadorearen jauregia erostea izan zen. Eraikin hori erortzeko zorian zegoen, nahiz eta Lizarrako Barrokoaren garaiko bitxietako bat izan. Erosketa egindakoan, Príncipe de Vianak berehala jardutea lortu zen, finkatzeko asmoz. Karlismoaren eta XIX. mendeari buruzko etorkizuneko museoa bertan kokatzeko gerora egin ziren kudeaketek berehala emaitza onak izan zituzten. Espainian egoera politikoa zapuzten ari zen eta PSOEk presioak jasan zituen PPrekin nazionalisten kontrako itunak sinatzeko. UPNk akordio garrantzitsuak lortu zituen, Nafarroako gobernuarekin, PSNrekin. EAEn, PSE eta PP nazionalisten kontrako blokea osatzen saiatu ziren. Horri guztiari José Luis Castejón alkatearen handinahia gehitu behar izan zitzaion, Lizarra gutxitxo baitzen harentzat. Lizarrako PSN eta Lizarrako UPNren arteko bilera batzuen ondoren, eta hirigintza jarduera larri batzuk gauzatu ondoren, PSOE eta LKBren arteko haustura gertatu zen legegintzaldiaren amaieran. Arazorik nagusiena lurpeko aparkaleku batzuk eraiki izana izan zen, txandakako aparkalekua egitea ahalbidetuko zutenak, azkenean eraikitzaile pribatu baten aldeko benetako espekulazioa gertatu baitzen, udal lurzoruan egindakoa. Gauza da eraikitzailearen ekonomiaren onerako aparkalekuek Parque de los Llanos izeneko parkea hartzen zutela, eta horretarako beharrezkoa zen Plan berezia aldatzea. Haustura horrek UPNrekin ituna egiteko aukera eman zion alkateari, baita hurrengo hauteskundeetan Nafarroako Parlamentuko presidentea izatea lortzeko irabazkinak eman ere. Aparkalekua egin egin zen, baina ez txandakakoa. Eraikitzaileak berebiziko negozioa egin zuen. Erosleek plaza bat baino gehiago erosi zuten espekulatzeko helburu bakarrarekin. Urtetan aparkaleku horren %30 inguru erabili izan da. Eta hori Udalak hasieran zituen helburuetatik oso urruti dago. Bistan denez, LKBk ezin zuen horrelako zentzugabekeria onartu, eta PSOE eta eskuinaren arteko aliantza izan zen herritarrei horrelako iseka egitea ahalbidetu zuena. |
![]() |
|
HIRUGARREN LEGEGINTZALDIA. MUTURREKOAREN ETA ESKUINAREN DESGOBERNUA ETAk aldarrikatutako su-etenak behin betikoa izan zitekeela ematen zuen. Horrek bidea eman zuen ezkerreko alderdiak elkartzeko, LKBren asmo handienetako bat. Ezker Batua desmarkatu egin zen eta LKBk HBrekin eratu zuen koalizioa. Lizarran EH-LKB izena hartu zuen. Hiru zinegotzi lortu ziren, eta LKBren aldetik Toño Ros sartu zen, eta karguak txandakatzeko asmoz Kontxa Rubiori bidea eman zion ondoren. PSOEk gainbehera izan zuen, aurreko legegintzaldiaren amaieran izandako jarduerengatik zigorra jasota, eta 6 zinegotzi izatetik 4 izatera pasa zen. Eskuinak eskuin muturrean erradikalizatutako gobernua eratu zuen, hiriarentzat batere ideiarik gabekoa. Gobernu txar hori norabiderik gabekoa izan zen, oposizioan zeuden alderdi guztiekin oso oldarkorra. Beste alde batetik, ETAk su-etena hausteak ere ezinezkoa egin zuen HBrekin sinatutako koalizioa mantentzea. LKBk zinegotzi bakar bat mantendu zuen, eta proposamenak egiten eta gobernua kritikatzen saiatu zen. LAUGARREN LEGEGINTZALDIA. ALKATETZA ITUNA MARIJOSE FERNÁNDEZen PSOErekin ETA BESTE TALDE BATZUEKIN Egoera berriak eskuinaren alternatiba izango zen gobernu berri bat eratzeko aukera eman zuen.Gertatu ohi den bezala, eskuinaren lau urte nahikoak izaten dira bere hautesleak higatzeko, eta jaso zuten zigor txikiak gehiengo absolutua galarazi zien. Nazionalisten kontrako presioa aitzakia hartuta, PSOEk alkatetza hartu zuen programaren inguruan inolako itunik sinatu gabe. Gobernu talde bat eratu zen, LKB barruan sartuta, baina lau urteetan zehar gabezia handiekin funtzionatu zuen. LKBk Kontxa Rubio aurkeztu zuen zerrendaburu, Luis Azpilikuetari erreleboa emateko ideiarekin. Benetan, aliantza bat eratu zen eskuin nazionalistarekin (EAJ), CDNrekin eta M. Fernándezen PSOErekin, sektore kontserbadoreenekin aliantzak sinatzeko joera handia zuena. Nukleo gogor horrek ez-eraginkortasun nabarmenez zuzendu zuen udala, merkatariek aparkalekuak egiteko eskaerari erantzuna emateko asmo bakarrarekin. Horiek horrela, berehala hautsi zuten aurrekontuak onartzea ahalbidetu zuen gobernu akordioa. Aurrekontu horien ardatza igerileku berri modernoak eta aire librean kirol instalazioak eraikitzea zen, Estella-Lizarrako kirol taldeei konponbideak eskainiz. Aurrekontuen zati handiena aparkalekuak egiteko gastuak ahalbidetzeko aldatu zirenean, berehala antzeman zen ez zegoela ondare historikoarekiko inolako errespeturik (lehengo trenbidearen pabiloi bat suntsitu zuten) eta agerian geratu zen leku garestiena eta zailtasun handienak ematen zituena aukeratzeak arazo larriak emango zizkigula . Gobernu taldeko gainerako kideekin gero eta desadostasun handiagoak sortu ziren. Lizarrako zumardiko planeamendua aldatzeari ezezko botoa eman genion, eraikitzaile bati mesede handiegia egiten ziolako eta proiektua ia bideraezina egiten zuelako. Ez zitzaigun batere gustatu eritegiaren ondoko etxebizitzak egin zituen eraikitzaileari emandako mesede tratua. Plan Orokorra berraztertzeko proiektuaren kontrako botoa eman genuen. Legegintzaldia erabateko porrota izan zen. Merced karrikaren gaineko gai garrantzitsua konpondu gabe geratu zen. Igerileku berrien eta aire librean egin beharreko kirol instalazioen gaia ere ez aurrera ez atzera gelditu zen. HAPOren berrikusketa ez zen bukatu. Aparkalekuak egiteko lanak erabateko porrota izan ziren eta ezin izan ziren hirugarren solairuko plazak saldu, hain zuzen ere lanak finantzatu behar zituztenak. Lanetan izandako atzerapenak, zubien arteko eremuan, jasanezinak izan ziren. Lau urtetan ezin izan ziren hasi ez zentro teknologikoa ez industrialdea. Gazteriaren alorreko politikak atzerakada handia izan zuen, eta gaztetxearen funtzionamenduak, berriz, porrot izugarria. Hautesleen zigorra iristeko zorian zegoen. LKBren esku-hartze bat, Coronación plaza oinezkoentzako gune bihurtzea, azken orduan onartu zen. |
![]() |
|
BOSGARREN LEGEGINTZALDIA. ESKUINA BERRIRO ERE Indarrak elkartzeko prozesu batek LKB ilusionatzea lortu zuen. Nafarroa Bai alderdiarekin bat egitea zen proiektua. Nafarrak UPNren gobernuarekin (jauntxoena, erdipurdikoa eta antibaskista) nekatuta egoteak Nafarroan botereari buelta ematea lortzeko moduko frente bat sortzeko ilusioa eragin zuen. Zailtasunak handiak ziren, batez ere eskuinaren ordezkari zen EAJren parte-hartzearengatik. Lizarran gauzak okerrago zeuden, aurreko legegintzaldian gurekin borrokan aritu zirenekin sortu behar genuelako koalizioa. EAJk koalizio berriari jarritako eragozpenak etengabeak izan ziren eta egoera ez zen konpondu hauteskundeak egiteko oso gutxi falta zen arte. Gauzak gaizki egin ziren, eta amaiera txarra eduki behar zuten. Emaitzak zigor orokorra izan ziren gobernua partekatu zuten guztientzat. PSOEk azken urteetan izandako zinegotzi kopuru txikiena izan zuen, 3 baino ez. EBk zinegotzi bat galdu zuen eta ia ez zuen ordezkaritzarik lortu. CDNk ere ez zuen boto kopurua handitzea lortu. Nabaik porrota jasan zuen, alderdi bakoitzak bere aldetik lortutakoak baino boto gutxiago eskuratu baitzituen. Kontxa Rubio LKBren zinegotzi gisa sartu zen. Egoera hondatzen joan zen eta ekainean Nabai utzi ondoren zinegotzi kargua ere utzi zuen. |
![]() |
![]() |
| contacto@cuelkb-estellalizarra.org |
Ruiz de Alda Kalea, 6. baxua, C.P. 31200 Estella-Lizarra (NAVARRA) Teléfono: 948 54 82 00 |